SARA: Hau nire ibaia da. Animaliak, izarrak eta izar iheskor bat daude.
Hemen animaliak jarri ditut: hartza, tximeletak, baina gaizki atera zaizkit…
Ni izarra naiz, erdi erdian dagoena.
Euskara ikastolan ikasi nuen. Etxean ez dugu inoiz euskaraz hitz egin.
Uste dut D ereduak balio duela euskalduntzeko. Eskolan Marijorekin hitz egiten dut euskaraz. Beste irakasleekin ez. Marijok eutsi egiten dio euskarari, ez du inoiz hizkuntza aldatzen eta egia da, nirekin azkenean gazteleraz hitz egiten bukatzen dute beste irakasle guztiek Marijok ez bezala, nahiz eta horrela esanda gaizki egina dagoela ematen duen.
Nire lagun batzuk euskaraz egiten dute baina saiakera bat egin nuen haiekin euskara gehiago erabiltzeko, esaten zutenez gaizki egiten nuen eta bajoia eman zidan eta orduan gehiago ez egitea erabaki nuen.
Ez lidake penarik emango euskara galduko balitz.
JON ANDER: Marrazki hau egitea aukeratu dut ze udan Madagaskarrera joan nahi dut paisaiak bisitatzera. Natura berezia dago han.
Jaio eta hiru urterekin ikasi nuen euskara Oiongo ikastolan, Araban. Gero Hernanira etorri ginen nik 7 urte nituenean. Aterrizajea gogorra izan zen. Lagunak egin nituen ikastolan eta haien euskara eta nik Oionen erabiltzen nuen euskara asko aldatzen zen eta pixka bat kosta zitzaidan moldatzea, baina aurrera joan nintzen. Gero eta hobeto.
Euskara erabiltzen dut familiako kide batzuekin eta lagunekin.
Kalean batzuk euskaraz egiten dute nirekin eta besteek gazteleraz.
Agian lagunekin euskara gehiago erabili nahi nuke.
Badut lagun bat esaten didana gazteleraz egiteko, ez egiteko euskaraz, baina nik bi hizkuntzak erabiltzen ditut lagunekin.
AINITZE: Ahate honek ematen dio hasiera nire marrazkiari. Euskara sartu zen momentua da hori.
Jaio nintzenetik egiten dugu euskaraz, etxean gurasoekin, lagunekin, ahizparekin… Hipikako lagunekin bakarrik hitz egiten dut gazteleraz.
Bi hizkuntzetan eroso sentitzen naiz, berdin funtzionatu dezaket bi hizkuntzetan. Dena dela, euskara gehiago erabiltzen dut gaztelera baino.
Euskara hil arte erabili nahi dut, euskaraz bizi nahi dut.
OIER: Nik, jaio naizenetik, hitz egiten dut euskaraz, bai etxean gurasoekin, bai ikastolan… Lagunak izan gara euskara eta ni. Harreman estua izan dugu, sendoa, fuertea… Lagun asko eman dizkit. Etsaiak edo tentsioz egoera gutxi. Inoiz kanpoko lagunek gaztelera erabiltzera behartzen naute eta ez dut oso gustuko.
Nik euskarari ere eman dizkiot gauzak: adibidez fama (nik ere hitz egiten dudalako), laguntza eman diot aurrera joateko…
Euskaraz bizi naiz ia esparru guztietan. Parkourrean adibidez “gatopreci” esaten diogu horma batetik beste horma batetara bi hankekin iristeari. Nik hitz hau donostiar bati entzun nion eta gero hemen nik Hernanin lagunei erakutsi nien. Agian “Katusaltoa” erabiliko banu ez dut uste denek erabiliko luketenik baina 10 pertsona gabiltza asko jota Hernanin parkourrean eta agian hor asma ditzakegu hitzak eta erabiltzen hasi gaztelerazkoak erabili ordez.
Euskalduna naiz euskarari esker. Hori niretzat inportantea da. Lagunek lehen gazteleraz hitz egiteko ohitura zuten baina ni euskaraz hasi nintzen eta azkenean denek egiten dugu euskaraz.
CARLA: Ikastolan ikasi nuen euskara. Ez zait asko gustatzen. Txikitatik adibidez kaxa txiki bat dut sekretuak gordetzeko eta oraindik ere kaxa erabiltzen dut (Damarisi adibidez erakusten dizkiot nire sekretuak) baina gazteleraz idazten dut beti. Nahiago dut gazteleraz hitz egin. Euskaraz hitz egin behar badut hitz egiten dut baina… Maite nire lagunarekin beti ateratzen zait euskara, baina beste lagunekin ez. Hizkuntzaren egoerari buruzko datuak eta, urruti geratzen zaizkit.
Etxeko hizkuntza gaztelera da. Anaiordeak euskaraz ongi egiten du oso kaxeroa delako.
DAMARIS: Nik 6-7 urterekin ikasi nuen euskaraz hitz egiten eskolan. Lehenengo Urnietan bizi nintzen eta duela 3 urte edo, Hernanira etorri nintzen. Euskara niretzat beste hizkuntza bat gehiago da. Ez dut askorik erabiltzen. Hemen eskolan eta gutxitan dendetan eta. Berdin zait euskaraz hitz egitea. Ez da nire gustukoa. Nahiago dut gazteleraz edo ingelesez hitz egin. Praktikoagoa iruditzen zait ingelesez edo gazteleraz hitz egitea. Eskolan Marijo eta Xabirekin, ingeleseko eta plastikakoarekin ere baina beste inorrekin ez dut euskaraz egiten.
Nire anaia txikiak euskaraz egiten du baina etxeko lanak egiten eta bakarrik hitz egiten dugu euskaraz.
HARITZ: Margotu dudan ibaian, hau nire ama da, hau nire aita, hau nire anaia eta hau ni naiz. Mendirik handiena ama da, bera baita agintzen duena. Hemengo kolore hauek guzti munduko hizkuntzak dira eta hementxe, euskara dago, nire iparrorratza. Ni hizkuntza honekin joango naiz bizitzan.
Euskara jaio nintzenetik jaso nuen etxean eta ikastola garaian dena zen euskaraz. Orain Institutuan batzuetan jendeak gazteleraz hitz egiten du eta nahigabe nik ere gazteleraz egiten dut. Hil arte euskaraz hitz egiten saiatuko naiz. Egunen batean seme-alabak baldin baditut euskaraz hitz egin dezaten nahi nuke.
Gustatuko litzaidake nire kuadrillan euskaraz gehiago hitz egitea. Saiatuko naiz gehiago hitz egiten. Euskarazko gauza gehiago kontsumitzeko konpromisoa ere hartu beharko genuke. Egunen batean euskaraz ez dakien bikote bat izango banu, irakatsi egingo nioke. Ez badu ikasi nahi, ez litzateke nirekin konpatiblea izango. Zerbait ikasi beharko luke, nahi eta nahi ez. Zerbait. Ez badu ezer ikasi nahi ba…
EVANDER: Euskal Herrira etorri baino lehen Google-en euskara zer zen bilatu nuen, hitza gaizki idatzi nuen eta Google-ek zuzendu egin zidan eta euskara Euskal Herriko hizkuntza zela esan zidan.
Hurrengo urtean etorri nintzen 12 urterekin Euskal Herrira eta kristoren laguntza izan nuen euskara ikasteko. Euskal Herria oso gustukoa dut eta oso gustura nago hemen. Dena gustatzen zait: hizkuntza, janaria…
Marraztu dudan ibaia nire bizitzaren gorakada da eta hemen gainean dauden puntu hauek guztiak eman dizkidaten laguntza guztiak dira. Laguntza guztiak zeruan daude (irakasleak, familia, ezagutu dudan jendea…. lagundu nauten denak daude hemen). Eta hemengo lau hauek nire familia dira: aita, ama, aitaordea eta ni.
KEVIN: Nik ikastolan ikasi nuen euskaraz hitz egiten edo agian haur-eskolan ikasi nuen. Ez amak, ez aitak… etxean ez du inork hitz egiten euskaraz eta dena gazteleraz egiten dugu. Anaiarekin ere gazteleraz egiten dut nahiz eta 12 urte dituen eta euskaraz badakien. Lagunartean eta hemen ikastetxean bakarrik Oier eta Marijorekin hitz egiten dut euskaraz. Beste irakasle batzuekin ere ahalegintzen naiz euskaraz egiten, baina… denekin ez dut egiten. Normalean lagunekin gazteleraz egiten dut. Euskara niretzat hizkuntza bat gehiago da. Galtzeak pena ematen dit, baina gutxiago hitz egiten den edo hori niri ez zait iristen.
IRUNE: Euskara mundua ulertzeko modu bat da niretzat. Tximeleta bat marraztu dut tximeletek askatasuna sinbolizatzen dutelako. Desiratzen dudan askatasuna da tximeleta hori eta harietako bat solte dago, hariak jarraitzen duelako bidea egiten, ez duelako amaierarik.
Txikitatik euskara nire eskuetan izan dut eta nik ez dut euskara aldatuko. Nire bizitzan beti egotea nahi nuke, euskaraz bizi nahi nuke…
Askea naiz aukeratzeko zein hizkuntzatan hitz egin baina batzuetan zaila da euskarari eustea ingurukoek ez dutenean egiten. Horrek ez du laguntzen nahiz eta ardura norberarena den. Etxean dena euskaraz egiten dugu. Amarekin ere saiatzen naiz dena egiten. Ahizparekin ere saiatzen naiz.
WhatsAppan gehiago erabiltzen dut euskara askotan aurrez aurre baino, lagun batzuekin. Musika gehiena ere euskaraz entzuten dut. Norbait berria ezagutzen dudanean ere nahiago dut euskaraz egin.
MIKEL: Hauek nire gurasoak dira. Goikoa aita da eta behekoa ama. Ibai hau ni naiz nire bizitzako hainbat etapetan. Txikitan ez nekien euskaraz hitz egiten. Ikastolan ikasi nuen euskara 3 urte ingururekin. Azkar ikasi nuen hitz egiten. Oso ondo ikasi omen nuen. Ikastolan giro euskalduna zegoen eta gero Institutuan denak elkartu ginen eta adios euskara! Elkartu gintuztenean fusioa gertatu zenean euskara gutxiago hitz egiten hasi ginen.
Orain euskararekin gaizki nago, ze ez dut hitz egiten. Anbientearengatik edo, ez dakit zergatik den. Batzuetan espresatu nahi ditudan gauzak ez dakizkit euskaraz esaten.
Fusioa ona izan da lagun gehiago ezagutzeko baina euskararen kalterako izan da.
Etxean euskaraz ez hitz egiteak ere kondinatzen du nire ustez, ze ez badut etxean hitz egiten eta lagunekin ere ez ba… Euskara galdu ez dut galduko, badakit, ze batzuekin jarraitzen dut hitz egiten baina…
SELENE: Hau ni naiz, hau anaia, eta hemengo hauek aita eta ama. Hauek nire lagunak dira, tximeletak, izarrak..
Etxean gazteleraz hitz egiten dugu. Nik eskolan ikasi nuen euskara eta eskolan bakarrik erabiltzen dut euskara.
Nire lagunekin gazteleraz egiten dut ia beti. Kosta egiten zait euskaraz egitea. Gai naiz edozer gauza euskaraz egiteko, baina ez dut egiten ez dakit zergatik. Gehiago hitz egitea gustatuko litzaidake eta gehiago egitea besteek niri ere eta erraza da, egitea besterik ez da, baina… Hemengo batzuk nire kuadrillakoekin euskaraz hitz egiten dute baina nik adibidez, ez.
NURIA: Nire ama hizkuntza gaztelera izan zen eta gero 5 urterekin euskara azaldu zen ikastolaz aldatu nintzenean. Nire familiarekin hasi nintzen euskara ulertzen eta euskaraz lagun berriak egin nituen. Baina atzera bueltatu naiz orain eta gaztelera euskara baino gehiago egiten dut. Gaztelera erdian sartu da. Gaztelera eta biok berriz gaude elkarrekin baina euskara faltan sumatzen dut. Familia eta ni gaizki ulertzen gara nik gazteleraz egiten dudalako. Nire bizitzaren esaldi bat datorkit gogora: “Ez itzazu alde egiten utzi zuri zerbait eman dizuten gauzak”. Eta niri euskarak bi gauza eman dizkit: lagunak eta familia.
Beraz euskara, bueltatu zaitez nire bizitzara!
OLATZ: Ibaiaren hasieran untxi bat marraztu dut, nire txikitako untxia. 6-7 urte nituen arte izan nuen. Familian bi bariante izan ditut: alde batetik, euskara eta bestetik, galiziera. Beraz, aitarekin gazteleraz egiten dut nahiz eta hitz batzuk euskaraz egiten dituen. Eta besteekin euskaraz. Olagarro bat ere jarri dut ibaiaren erdialdean edo, Galizian dudalako familia eta haiei hitz batzuek erakusten dizkiet. Nik amoni eta aitona deitzen diet eta agurrak euskaraz egiten dizkiet eta ulertzen didate. Orain haizea bezala nabil, hemen behealdean irudikatu naiz, ahal dudan notarik altuena lortu nahi dudalako eta familiak horretara animatzen nau, lortu nahi dudana lortzera. Nahi badut ahal dut. Hori esaten didate. Hiru izar jarri dizkiot familiari, oso laguntzen didatelako. Niri jendeak euskaraz egiten dit normalean bai kalean bai institutuan.
UNAI: Marraztu dudan ibaia nire bizitza da, 0tik 16 urtera egin dudan bidea. Aita eta ama daude ibairen inguruan. Hemengo marra hauek nire lagunak dira. Eta izar hauek nire lagunik onenak.
Euskara nire bizitzan jaiotzetik egon da etxean aitaren familia euskalduna baita. Amaren familia Errioxakoa da eta haiekin gazteleraz egiten dut. Ni euskaraz egiten saiatzen naiz. Etxean bi hizkuntza hitz egiten ditugu: amarekin eta arrebarekin gazteleraz eta aitarekin euskaraz. Aitaren familiako lehengusuekin ere euskaraz egiten dut, baina amaren familiakoekin gazteleraz nahiz eta batzuk euskaraz badakiten.
Lagunartean normalean gazteleraz egiten dut nahiz eta batzuekin (Apeze, Endika…) euskaraz ere egiten dudan eta kalean ere jende askok euskaraz egiten dit, adibidez, errugbian dena euskaraz egiten dugu.
Pena emango lidake euskara galtzeak. Euskara gure bizitzeko modua da, gurea da. Hala ere, iruditzen zait 50 urteetara gutxiago hitz egingo dela nahiz eta kontrakoa desiatzen dudan, adibidez Nafarroan, Araban….
JON: Jaio nintzenean ez zegoen euskara nire bizitzan. 4 urte neuzkanean nire aita eta ama banatu egin ziren. 14 urterekin heldu zen euskara nire bizitzara eta ez nuen oso ondo hartu: euskara klaseak gazteleraz ematen zizkiguten, ez nuen gaitasun nahikoa lortu, ez nuen ezer ulertzen, ez nintzen ezertaz enteratzen… Baina orain asko gustatzen zait euskaraz hitz egitea. Euskara hemen eskolan ikasi nuen. 15 urterekin eskolaz aldatu eta lagun berriak egin nituenean agertu zen. Eta orain euskara gehiago lantzen dut . Orain hemen nago 17 urterekin oso urduri DBH atera nahiean.
SARA: Gai sentitzen naiz euskaraz dena egiteko, baina ez dut pentsatu zergatik erabiltzen dudan hain gutxitan. Edo zergatik egiten dudan ia beti gazteleraz. Etxean hitz egiten dut zerbait euskara amarekin eta ahizparekin ere zerbait… Gaztela-Lehoitik etorri nintzenean ikasi nuen euskara ikastolan 5 urterekin.
Orain Institutuko lagun batzuekin euskaraz egiten badut ere, askotan (Olatz, Haritz, Roni…) gazteleraz egiten dut besteekin. Marrazkian nire nire familia margotu dut, nire txoriak dira eta hemengo arrain hauek nire lagunak dira.
ENDIKA: Hau nire bizitzaren ibilbidea da. Eta hementxe gaude ama, aita, anaia, arreba eta ni. Neska zeruan dabil. Hemengo ibai hauek nire bizitzaren bidean hartutako erabakiak dira eta izarrak eta tximeletak eta, bizitzan pasa zaizkidan gauza politak.
Ni euskaraz bizi naiz, orduan lagunekin, neskekin, familiarekin…. denekin egiten dut euskaraz. Hautua egin dut: euskaraz bizi nahi dut. Gainera gazteleraz egitea kosta egiten zait, gaizki egiten dut batzuetan, trabatu egiten naiz (berdin zait zer pentsatzen duten) eta aldatu egiten dut hizkuntza berehala euskarara bueltatzen naiz berriz.
Euskara txikitatik jaso dut eta hil arte hitz egingo dut euskaraz. Euskarak euskaldun sentiarazten nau, harro egoteko arrazoi bat da gure hizkuntza eta bertako jendeak bultzatzen nau euskara erabiltzera. Euskaraz ez dakienari esango nioke hasteko hitz batzuk ikasten, asko gozatuko duela, hitz politak ikasiko dituztela, hizkuntza zabala dela eta mundu bat galtzen duela euskaldunen ohitura batzuk eta euskararik gabe. Gogoa jartzen badute lortuko dutela.
ASIER: Ibaia ni naiz eta ibaian dauden gauza txiki hauek guztiak txikitatik hona gertatu zaizkidan gauzak dira. Eguzkia nire lagunak dira eta hemen dagoen altxorra nire familia da: ama, aita eta arreba. Arreba ni baino zaharragoa da eta batzuetan euskaraz egiten dugu gurasoak ez enteratzeko, edo gai batzuk tapatzeko, edo… Euskara haur-eskolan ikasi nuen eta gaur egun esparru guztietan euskaraz funtzionatzeko gai naiz. Kirolean ekipoan gehienek gazteleraz egiten dugu, baino badago bat beti euskaraz aritzen dena. Egunerokoan euskara gaztelera baina gutxiago erabiltzen dudala uste dut. Hala ere, uste dut kontziente naizela noiz ari naizen hizkuntza batean eta noiz bestean.
OIER: Ikastolan 3 urterekin ikasi nuen euskaraz hitz egiten. D ereduan aritu nintzen ikastolan beti.
Marrazkia besterik gabe atera zait, momentuan horrela atera zait. Ez diot buelta handirik eman. Etxean bi hizkuntza hitz egiten ditugu. Amak euskara heldua zenean ikasi zuen eta amarekin euskaraz egiten dut ia beti. Aitarekin gazteleraz. Eta lagunartean ere gazteleraz egiten dut.