Zergatik flotatzen du itsasontzi batek portu auzoan?
Auzoko 2 urteko Mikelek oso garbi du zergatik flotatzen duen bere ontziak Sararenak baino hobeto: “nire txalupa zurea baino askoz politagoa delako flotatzen du hobeto, gorria da gainera!”
Sara ez da batere gustura gelditu eta 8 urte dituen Endikari galdetu dio ea zergatik flotatzen duten ontziek portuan.
Endikak ez daki erantzuna oso ondo zein den eta aitari galdetu dio, “lagunekin errekan ibiltzen ginenean harriek ez zuten flotatzen baina hostoek bai, horiek flotatzen zuten baina errekan jolasteko harririk onenak, finak eta borobilak dira eta txipi-txaplara jolasten ginen”.
Aitak kontatu diona ezaguna du bera ere askotan jolastu delako errekan igel salto jolas horretara. Batzuetan harriek hiru salto egitea ere lortu izan dute, baina 16 urte dituen Nuria arrebarengana joan da eta galdetu dio ea zergatik flotatzen duten ontziek portuan.
Nuria beste kontu batzuetan dabil, telefonoari lotuta. Hasieran ez dio Endikari kasu handirik egin, baina anaiak berriz galdetu dionean berak erantzuna ez zekiela esan dio, hala ere, itxaroteko pixka bat, Asier lagunari whatsApp bidez galdetuko ziola.
Asier, 25 urteko gazte unibertsitarioa da eta berak zerbait gehiago badaki gai hauei buruz. Asierrek, badaezpada ere Google-n begiratu du eta lagunari mezu hau idatzi dio: “Desplazatzen duten ura baino gutxiago pisatzen dutelako. Itsasontzi bat oso pisutsua izan daiteke, baina barrutik hutsik dagoenez, guztira desplazatzen duen ura baino arinagoa da, horregatik, flotatzen du. Hau Arkimedesen printzipioa da”. Nuriak hemendik aurrera, Asierri “Arki” deituko diola erabaki du.
Nuriak mezua irakurri dio haurrari baina Endikak ez du ezer ulertu. Auzoko eserlekuetan eserita dagoen 50 urteko Olatzengana joatea erabaki du. Hark errazago kontatuko dio agian ipuin eta guzti: “Endika, ez dakit oso ondo zer erantzun, nik paperezko itsasontzi bat egiten irakatsiko dizut nahi baduzu, eta oso ondo flotatzen dute horiek, dutxan, gure auzoko errekan, hondartzan…”
Endikak jolasean jarraitu du eta 70 urteko Selene arotzak esan dio bere egurrek oso ondo flotatzen dutela eta urak kanporanzko indarra ere egiten duela eta horregatik flotatzen dutela ontziek.
85 urteko Joxe aitona zaharra inguruan zebilen eta dena entzun zuen. Halako batean, “Endika, zatoz nirekin! Nire miniaturazko ontziak erakutsiko dizkizut” eta bere garajera eraman zuen ontzi bilduma ikustera. Endikak flipatu egin zuen eta izugarri gustatu zitzaion. Gainera, bukaeran paperezko itsasontziak egiten irakatsi zion eta jolastera joan ziren biak erreka bazterrera.
Endika, Mikel eta Sara.