“Gazteleraz bakarrik hitz egiten dugu etxean. Izebarekin beti euskaraz. Eskolan hasi nintzen euskara ikasten. Lagunekin batzuetan euskaraz hitz egiten dut baina gehien bat ikasketetan erabiltzen dut”.
IORITZ: “Eskolan ezagutu nuen euskara. Klasean irakaslearekin bakarrik hitz egiten nuen baina lagunekin ez. Orain atope euskaraz! Etorkizunerako eta hobea izan da gu D ereduan sartu izana. Txikitan ez zitzaidan gustatzen euskara baina orain egunero erabiltzen dut. Euskara ez banu izango ez nituzke lagun berdinak izango”
ALEXIS: “Euskara eta ni mugimenduan gaude, ur lasterretan ibili gara beti. Nire bizitza ere horrelakoa da.Askotan aldatu dut bizilekua eta bizitza. Euskarak ez dit zirrara berezirik ematen. Berdin zait euskaraz hitz egitea edo ez. Hitz egin behar badut egiten dut. Pena emango lidake, hala ere, euskara galtzeak. Urte batzuetan euskara ez dudala erabiliko iruditzen zait”.
ENDIKA: “Euskara familian jaso nuen. Erreka guztietatik datorren ibaia handia da niretzat euskara. Erreka horretatik zuhaitza sortzen da. Ni neu. Eguzkia lagunek ireki didaten bidea da. Euskara nire ama hizkuntza da eta gauza asko eman dizkit. Egunero funtzio guztiak euskaraz egiten ditut”.
EVANDER: “Errepublika Dominikarrean jaio nintzen. Ni handik 4 urteetara etorri nintzen. Euskal Herrira etorri aurretik google-n sartu nuen “euskara” hitza baina gaizki sartu nuen eta zuzendu egin zidan google-k. Ikasten hasi nintzen eta lehenengo egunetik kuadrillan integratu ninduten eta haiek erakusten zidaten batez ere euskaraz. Geroago gehiago ikasi nuenean, euskaraz ez banuen hitz egiten “txeta” bat ematen zidaten. Rugbyari esker euskara eta Euskal Herria ezagutu ditut. Orain etxeko hizkuntza bihurtu da euskara eta gure artean euskaraz hitz egiten dugunean ama oso harro sentitzen dela esango nuke”.
ION: ” 6 urterekin edo hasi nintzen eskola berrian euskara ikasten baina txantxetan bakarrik hitz egiten genuen euskaraz. Eskolako lagunekin hasi nintzen gehiago hitz egiten. Batez ere Euken ezagutu nuenean. Euken oso euskalduna da eta nik berak bezala hitz egin nahiko nuke euskaraz”.
SARA: “Gaztela-Leonen jaio nintzen. Euskara ikastolan ikasi nuen. Badakit hizkuntza bat praktikatzen ez bada galdu egiten dela. Etxean orain bi hizkuntza erabiltzen ditugu. Aitari asko gustatzen zaio nik euskaraz ikastea.
NURIA: “6 urtera arte edo ez zitzaizkidan hortzak atera eta ni saiatzen nintzen euskaraz hitz egiten baina ez nuen lortzen, ez nuen hitz egitea lortzen… Euskara niretzat familiak eman didan gauzarik handiena da, familiarekin harremanetan jartzeko aukera eman dit, identitate bat eman dit euskarak eta oso harro sentitzen naiz orain nor naizen. Lagunartean bi hizkuntza hitz egiten ditugu”.
IRUNE: “Aita oiartzuarra da eta beti euskaraz hitz egiten digu niri eta ahizpari. Amak ere badaki zerbait baina ez du hitz egiten. Txikitatik euskaraz abestu dut, pailazoak eta hori oso inportanteak izan dira nire bizitzan eta beti euskaraz. Nire gustuko abesti guztiak orain ere euskaraz dira. Baina euskara pixka bat galdu dut orain, lagunartean beti gazteleraz egiten dugulako eta oso gutxitan hitz egiten dugu euskaraz”.
UNAI:”Ni 3 urterekin hasi nintzen ikastolan euskara ikasten. Gurasoek ez zuten euskaraz egiten. Gazteleraz bakarrik hitz egiten nuen txikitan nahiz eta ikastolan euskara ikasi nuen. Euskara ikastolan bakarrik erabiltzen nuen, lagunekin inoiz ez. Lagunekin gehiago hitz egiten hasi nintzen baina kuadrilla banatu egin zen eta gazteleraz bakarrik egiten dugu orain gelditu garenak.Gazteleraz hitz egitea errezagoa egiten zait. Telefonoko mezuak eta euskaraz idazten ditut…”
LUIS: “Ecuadorren jaio nintzen eta euskara duela hiru urte deskubritu nuen. Txikiagoa nintzenean Madrilen eta Valentzian bizi izan ginen eta Valentzian ginenean aitari “aita” deitzen hasi nintzen, euskaraz, baina amari mama deitzen nion. Oporretan Euskal Herrira etortzen ginen eta orduan “aita” ikasi nuen. Euskara institutuan aurten ikasi dut batez ere. Gainera orain euskaltegira apuntatu naiz. Ondo sentitzen naiz. Berdin zait euskara jakin edo ez jakin baina orain klasean dudan jendeak asko motibatzen dit”.
DAVI: “Brasilen jaio nintzen. Duela urte bat etorri nintzen Euskal Herrira. Arraroa egin zitzaidan Euskal Herria. Hasieran futbolean apuntatu nintzen eta orain rugbya egiten dut. Gustatzen zait. Euskara Elenak erakusten dit gehien bat. Gustatzen zait euskara baina Brasilera bueltatu nahi nuke”.
HARITZ: “Hernanin jaio nintzen eta etxean dena euskaraz egiten dugu. Den dena. Lagunekin ere ni saiatzen naiz dena euskaraz egiten. Anaiarekin ere euskaraz egiten dut dena. Euskara nire bizitza da. Euskararen militante bat naiz. Jendeak gehiago erabiltzea gustatuko litzaidake. Euskara oso hizkuntza polita da. Jendea asko ez da saiatzen”.
MIKEL: “3 urterekin hasi nintzen euskaraz hitz egiten eta orain arte etxean gurasoekin gazteleraz hitz egiten dut. Lagun batzuekin euskaraz egiten dut eta beste batzuekin gazteleraz.Duela gutxi gutxiago hitz egiten hasi naiz euskaraz. Lokalean gaudenetik edo agian. 40 lagun gaude lokalean eta horko hizkuntza gaztelera da”.
IKER: “Lagun asko egin ditut euskarari esker baina ez gela honetan. Nere bizitzako alde on asko euskarari esker ezagutu ditut. Ikastolan ezagutu nuen euskara 2 edo 3 urterekin. Orain Amaia eta Imazekin hitz egiten dut euskaraz. Etxean, noiz behinka. Ama euskara ikasten ari da eta lagundu egiten diot. Baina normalean ez dut dena euskaraz egiten”.
DARIO:”Extremaduran jaio nintzen Navalmoral de la Matan. Duela 6 urte etorri nintzen Euskal Herrira. Triste etorri nintzen 11 urterekin. Lagunak uzteak pena eman zidan. Hernanira etorri nintzen eta hasiera gogorra izan zen. Ikastolan bakarrik erabiltzen dut euskara. Gustatuko litzaidake erosoago sentitzea euskaraz hitz egiten dudanean. Ongi sentitzea ez da erraza. Arrebek euskaraz egiten dute”.
IÑAKI: “Etxean ikasi nuen euskara, harreman luzea eta ona da gure artekoa. Aitak eta amak erakutsi zidaten. Familian dena egiten dugu euskaraz”.
IOSU:
MIKEL:”Txikitan aitak erakutsi zidan euskaraz hitz egiten. Amona Andaluziako da eta amak ez zekien lehen euskaraz hitz egiten. Orain badaki eta etxean normalean euskaraz egiten dugu . Amari erakusten nion txikitan. Lagunekin euskaraz egiteko gaitasuna dut baina komodidadeagatik erdaraz egiten dugu”.
ALVARO: “Kolonbian jaio nintzen Cali-Palmira herrian. Bi edo hiru urterekin etorri nintzen Hernanira. Ikastolara joan nintzen ikastera eta euskaraz hitz egiten ikasi nuen. Etxean gazteleraz egiten dugu baina anaiaren bikotearekin euskaraz hitz egiten dut. Amak ulertzen du euskara pixka bat, baina ez du hitz egiten. Nire amak Colonbiara itzuli nahi du baina nik hemen bizi nahi dut.
DANI: “9 urterekin etorri nintzen Errumaniatik Euskal Herrira. Ez naiz gogoratzen etorri nahi ote nuen edo ez. Gure artean errumanieraz hitz egiten dugu etxean. Errumaniera eta gaztelerak antza handia dute. Euskaraz gehiago ikasi nahiko nuke. Oraindik ez naiz oso eroso sentitzen”.
RAUL: “9 urterekin etorri nintzen Errumaniatik Euskal Herrira. Aita lanera etorri zen eta berarekin etorri ginen denak. Ez dut harreman handirik euskararekin, ez dut gauza askotarako behar. Aurrerago ingelesez hitz egin nahi dut. Kanpora joan nahi dut bizitzera”.
ANDER:”Etxean gazteleraz hitz egin dugu. Eskolan 2 urterekin eta lehengusinarekin ikasi nuen euskaraz. Orain badakit baina inguruaren arabera moldatzen naiz hizkuntza bat edo bestea erabiltzeko”.
SOUHAILA: “2011n etorri nintzen Euskal Herrira 12 urterekin. Marokon jaio nintzen. Kotxez igo ginen eta ez nekien nora gindoazen. Hernani oso desberdina iruditu zitzaidan. Zaila izan zen: bi hizkuntza berri ikasi behar izan ditut denbora gutxian. Hizkuntza pila bat dakizkit eta euskara asko gustatzen zait, ez zait zaila iruditzen, erraz ikasi dut. Nire burua arabiarrez hitz egiten imaginatzen dut. Marokora itzuli nahi dut familia baitut bertan”.